ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

HAURRAK ETA KONFINAMENDUA

Egungo osasun krisiari erantzuteko konfinamendu neurriek herritarren gehiengoa etxetik atera ahal izan gabe utzi du. Horien artean, oraina eta etorkizuna diren haur, gazte eta nerabeak ere bai. Azken egun hauetan haurrek konfinamenduan bizi duten egoeraren inguruko iritzi asko irakurtzen ari gara komunikabide eta sare sozialetan. Oiartzungo Abaraxka udal ludotekako hezitzaileok ere badugu gaiari buruzko gure iritzia eta interesgarria iruditzen zaigu hori plazaratzea.

Egoera honek ustekabean harrapatu gaitu eta zalantzarik gabe kudeaketa ez da batere erraza. Kontuan izan behar da etxe eta familia bakoitzean egoera oso ezberdina dela eta ezin dugu ahaztu krisi egoera honen aurrean egoera zaurgarrian dauden kolektibo eta herritarrak badirela, tartean baita haurrak ere.

Dena den eta aurretik aipaturikoa ahaztu gabe, gainerako herritarrok bezala eskubide eta betebeharrak dituzten haur, gazte eta nerabeen ahotsa eta beharrak kontuan hartu ez direla uste dugu, aseta ez daudela iruditzen baitzaigu. Beste behin herritar aktibo bezala alde batera utziak izan dira, iruditzen baitzaigu komunitateko txikienengan ez dela askorik pentsatu.

Ez gara hemen haur, gazte eta nerabeen beharrak zein diren zerrendatzen edo psikologo edo pedagogo ospetsuen teoriak ekartzen hasiko, azken egunetan etengabe horiek irakurtzeko aukera izan baitugu, baina egunotan hainbat hezitzaile eta adituk dioten ideiarekin bat egin nahi dugu: Haur gazte eta nerabeek ezinbestekoa dute mugimendua, eguzkia, airea, haizea, harremantzea, kalera ateratzea, etab. beren garapenerako eta behar horietan fokua jartzea garrantzitsua dela uste dugu, haiei ahotsa emanez.

Hori dela eta, Abaraxka Ludotekako hezitzaileok ahal dugun neurrian haurren ahotsa entzuten jarraitu nahi dugu. Egoera berezi honetan ere, gazteenen proposamenak entzunez eta gure esku dagoen heinean konfinamendu egoera hau errazteko baliabideak eskainiz.

Mikel Gonzalez Erauso

Nora Velez del Burgo Zalakain

Nekane Martiarena Labandibar