ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko partidetara haurrak, begiraleak eta gurasoak bizikletan doaz!

Euskaltel-Euskadi taldeko Mikel Astarloza txirrindulariak eskualdeko bidegorri batean Eva Getariarekin topo egin du; Elizaldeko Eskola Kiroleko koordinatzailea da bera. Mikel harrituta dago, larunbat goizean bidegorrian hainbeste neska-mutil batera ikusi dituelako bizikletan, eta Evari galdera batzuk egin dizkio:

Harrituta gelditu naiz horrelako haur tropela bizikletan ikusita, zertan zabiltzate?

Errenteriako Eskola kiroleko partidetara goaz denak batera.

Egia esanda, ez dut inoiz egitasmo honen berri izan. Nolatan bururatu zaizue aukera hau?

Oarsoaldeko Eskola Kiroleko lan-mahaian sortu da ideia. Bertan 4 udaleko Eskola Kiroleko eragile guztiak elkartzen dira: udaletako kirol teknikariak, Eskola Kirola egitasmoko teknikariak eta eskualdeko ikastetxeetako Eskola Kiroleko koordinatzaileak. Bizikletan mugitzeko egitasmoa denon artean egin dugun apustua izan da eta, eskualdean dagoen elkarlanari esker, indarra hartzen ari da.

 

 

Zein da egitasmoaren helburua?

Eskola Kiroleko larunbatetako partidetara, normalean, kirolariak kotxeetan joaten dira: kotxe bat haur bakoitzeko. Astebururo 60 partida inguru jokatzen dira eskualdean, eta 1000 haur inguru mugitzen dira. Horregatik, gaiari heldu diogu eta gure eskuetan dagoen irtenbide bat proposatzea erabaki dugu: eskualdeko bidegorri sareaz baliatzea, eta talde-antolakuntzan oinarrituta kirol instalazioetarako joan-etorriak bizikletaz egitea.

Zeintzuk dira erabili dituzuen garraiobide alternatiboak?

Hasiera batean bizikleta sustatu nahi izan dugu, baina azken finean ingurumenarekiko jasangarria den beste edozein garraiobide erabiltzea ere zilegi dela iruditzen zaigu: topoa, autobusa edota modan dauden bestelako gurpildun patineteak.

Nola antolatu zarete?

Ekimena lan-mahaitik bultzatu da nagusiki, baina praktikan ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileek dute garrantzia informazioa zabaltzeko garaian eta gurasoak animatzeko momentuan. Baina garrantzitsuenak gurasoak dira, zalantzarik gabe.

Zer moduz atera dira hasierako esperientziak?

Oso ongi atera dira hasierako probak, ikaragarri gustura gaude. Aipatu dudan bezala, gurasoen laguntza ezinbestekoa da horrelako ekimen bat arrakastatsua izateko. Oiartzundik Fanderiara, Galtzarabordara edota Lezora joateko, aukera paregabea dugu eta, bide batez, haurrek kirola egiten dute, bidean ondo pasatzen dute, partida jokatzen dute eta berriz pedalei eraginez, etxera bueltatzen dira.

Errepikatzeko moduan?

Eguraldiak aukera ematen duen bitartean, ahal dugun jardunaldi guztietan errepikatuko dugu esperientzia hori, ohitura bilakatu arte, hori baita benetako helburua. Ekimen honen bidez, kutsadurari aurre egiten diogu eta bizikletaren erabilera sustatu eta ohitura osasuntsu bat zabaltzen dugu.

Zalantzarik gabe, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu sendoa da Oarsoaldeko hainbat ikastetxetan zabaltzen ari dena. Oiartzungoak aitzindariak izan dira egitasmo honetan, baina azkeneko jardunaldietan eskualdeko beste ikastetxe batzuk gehitu dira. Poliki-poliki egitasmoa zabaldu nahi da, ea epe ertainean ohitura bilakatu daiteken; horretarako, Eskola Kiroleko gurasoak animatu nahi ditugu, haien parte-hartzea ezinbestekoa baita. Ikastetxeetako Eskola Kiroleko koordinatzaileekin harremanetan jartzeko gomendatzen dugu, haien bitartez, modu egokian mugimendu horiek antolatu daitezen.