8-12 adin tarteko ikasleen aktibitate nagusia eskola kirola izaten jarraitzen du, bilakaera paregabeari eusten dio eta emakumearen parte-hartzea gorantz dihoa
Oarsoaldeko lau udalek 16 bat urte daramatzate Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Kirol eta euskara teknikarien lan-mahai batek gidatzen du lan hau, eskola kiroleko koordinatzaileen bitartez eta beraien lanari esker, entrenatzaileen prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera bermatzen da.
Amaia Agirregabiria, Oarsoaldea Eskualdearen Garapenerako Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, gaurko agerraldian Migel Mari Torreak (Pasaiako kirol zinegotzia), Unai Unsuainek (Errenteriako kirol zinegotzia), Oihan Tellok (Oiartzungo kirol zinegotzia) eta Mikel Arrutik (Lezoko kirol zinegotzia) ikasturte honi dagokion eskualde mailako Eskola Kirolaren datu esanguratsuenak ezagutzera eman dituzte Albaolaren Itsas Faktorian. Era berean, agerraldian Reyes Carrere, goi mailako eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohia izan da.
Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 8-12 adin tarteko ikasleak 2.757 dira guztira eta horietatik 1.480 ikasle dabiltza eskola kirolean, hau da, erdia baino gehiago (%54). Horrek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia.
Ikasturte honetan zehar, 137 talde osatu dira guztira (4 talde gehiago aurreko urtearekin alderatuta) eta 83 entrenatzaile arduratu dira 137 talde horien saioak gidatzeaz (18 emakumezko eta 65 gizonezko). Udalerri bakoitzean sortu diren talde kopuruak honakoak izan dira: 77 talde Errenterian, 24 Oiartzunen, 25 Pasaian, eta 11 Lezon.
Bestalde, azpimarratu beharra dago nesken parte-hartzea gorantz doala urtez urte, poliki bada ere. Nesken %40k hartzen du parte eskola kirolean eta mutilen %65ak.
Reye Carreresen hitzetan, “neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari zarete nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan bere lekua aldarrikatuz. Aurten gainera, lehengo eskaintzari arrauna, triatloia eta piraguismoa gehitu dizkiozue jarduera berezietan. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek. Bestalde, honi guztiari partidatara joateko auto partikularra alde batera uzteko eta bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko egiten ari zareten ahaleginak batuz, bikain hitza datorkigu burura”.
Kirol hezitzailea lortzeko bidean sakontzeko asmoak ere adierazi dituzte parte-hartzaileek; elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikastea ezinbesteko balioak baitira kirolean.
Azkenik aipatu, gaur egun eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten dela, urteotan guztiotan egin den lanari esker; entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira.
More Stories
TURULEKA OILOA FILMA OTSAILAK 29.
OTSAILAK 1: TARRAPATANA. BERTAN BEHERA!
URTARRILAK 25, 16:30ean EMOZIOEKIN DANTZAN!