ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Kilometroak 2006k mendi astea antolatu du maiatzaren 15etik 21era

kilometroak-2006-mendi-asteaHitzaldiak eta mendi martxek osatuko dute Mendi Asteko eskaintza

Kilometroak 2006k hasiera-hasieratik naturarekiko konpromisoa agertu du. Horregatik, Gipuzkoako ikastolen aldeko jai erraldoiak, hilaren 15etik 21era Mendi Astea antolatu du Oiartzunen, aurten Kilometroak ospatuko diren herrian. Mendi Asteak bi ildo nagusi izango ditu: alde batetik, mendizale ezagunen hitzaldiak eskainiko dituzte eta bestetik, Asteari bukaera emateko, hiru mendi martxa antolatu dituzte, zailtasun desberdinekoak.

 HITZALDIAK

Mendi Astean hiru hitzaldi emango dituzte. Gaiak eta hizlariak, denetarikoak izango dira. Hilaren 16an, asteartea, Xabier Agirre, Oiartzunen bizi den mendizale lazkaotarrak “Aconcagua: Aklimatazioa eta tontorra” izango du hizpide, iaz Hego Ameriketako eta Andeetako mendirik altuenean izan zuen esperientzia kontatuko du. Hilaren 18an, ostegunean, Ina Rufo abenturazale oreretarrak Europan zehar eginiko abentura bat azalduko du: “Europa, iparretik hegora eskiz, piraguaz eta bizikletaz”. Azkeneko hitzaldia hilaren 19an, ostirala, izango da. Bertan, Felipe Uriarte mendigoizale sanjuandarrak eta Aitor Elduaienek euskal mendizaletasunaren historia izango dute hizpide. Elkarrizketa bidez, Elduaienek eta Uriartek euskaldunek eta mendiak izan duten harremana ekarriko dute entzuleengana.

Hitzaldi guztiak Oiartzungo udaletxeko areto nagusian izango dira, 20:00etan

MENDI MARTXAK

Mendi Asteari bukaera emateko, hiru mendi martxa antolatu du Kilometroak 2006. Mendi martxa bakoitzak iraupen eta zailtasun ezberdina izango du. Ibilbide luzeak 8 orduko iraupena izango du (5 euro ordaindu beharko da izen-ematea), Ibilbide Ertainak bost orduko iraupena izango (3 euroko kostua) eta Ibilbide Laburrak hiru orduko iraupena (2 euro helduek eta euro bat haurrek). Irteera eta bukaera Beheko Plazako erreboteko pilotalekuan izango dira.

Etxeko guztiek parte hartzeko moduko mendi martxak osatu dituzte Haurtzaro Mendi Taldeko kideek, Oiartzungo mendietatik  barrena, mendizaleei zaletasunaz gozatzeaz gain, herriko txokoak erakustea ere bai baita helburua. Uzpuru, Aritxulegin eta Astakasoron jarriko dituzte anoa-postuak.

Mendi martxan parte hartu nahi duten mendizaleek dagoeneko izena eman dezakete kmk.ikuskizunak@ikastola.net helbide elektronikoan edo 635 008 453 telefonoan. Ordainketa irteera momentuan egin beharko da.

Mendi martxarekin batera, Mendi Astearen baitan kokatuko da aurten Xibaren III. Topaketak. Gipuzkoako kanporaketa mendi martxekin batera ospatuko dira Beheko Plazako pilotalekuan, 10:00etan. Honekin  batera, antzinako jolasak ere izango dira toki berean goizean zehar.

Jaiarekin bukatzeko herri bazkaria egingo dute Madalensoro pilotalekuan. 300 lagunentzako bazkaria prestatuko dute, mendi martxako eta Xibako partaideekin, baita nahi duen guztiarekin ere. Txartelak dagoeneko salgai daden Garmendi Txokolategian, Haurtzaro ikastolako idazkaritzan eta Amazkarren, 15 eta 12 euroren truke.

kilometroak-2006-mendi-astea